Hildako bakarra asko da. Ikaragarri. Batik bat, atzean daudenen interesak, beti, gutxi batzuenak direnean.
Esan beharra neukan hori, ondoren bota behar dudana arinkeriatik haratagoko zerbait dela neuk sinesteko. Esango nuke ikusten ari garen irudiek, eta ematen dizkiguten hildako eta zaurituen kopuruek ez dutela guztiz bat egiten. Errusia eta Ukrainaren arteko azken gatazka hau piztu zenetik, hildakoen kopurua ematen dutenero —eta ez handiagoa izatea nahi nukeelako, noski— gutxiritzita geratzen naiz. Nazio Batuen Giza Eskubideetarako komisionatuak zioenez, duela astebetera arte, 726 zibil ziren hildakoak, tartean 52 haur. Armadek jasandako hildakoen kopurua handiagoa da, baina zail da zehazten zenbatekoa. Bakarra ikaragarri denean, izan al daitezke, esaterako, 20.000, gutxi? Proportzioan, bai. Lehen Mundu Gerrak 9 milioi hildako utzi zituen; Espainiako Gerra Zibilak 500.000; Bigarren Mundu Gerrak 55 milioi gorpu. Seinale ona litzateke gerora ere gutxiritzita segitzea...
Iheslarien kopurua da gutxirizterik ez dagoena. Hiru milioitik bostera dira bere lurra utzi eta alde egin behar izan duten ukrainarrak. Hamarretik bat baino gehixeago. Hori zenbat den irudikatzeko, Euskal Herri osoa hustu beharko genuke. Eta Kantabria. Eta Biarno...
HITZ ETZANAK
Gutxi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu