Hemen biraoka bukatuko litzateke xextra, begiak aizto eta hatzen bat nabarmen. Baina AEBetan trafiko eztabaidek bestela bukatzen ere badakite. Hala gertatu zen Pelkey eta Horcasitasen artekoa. Semaforo batean sorturiko iskanbila tiroka amaitu zuen Horcasitasek eta erail egin zuen Pelkey.
Orain —eta nobedadea hau da— Horcasitasen aurkako epaiketan Pelkeyk hitza hartu du, lau urtez hilda egon ondoren. Adimen artifizialak eraiki du Pelkey berria. Familiartekoek haren argazki, bideo eta ahots mezuez elikatu dute makina, eta han azaldu da bere hiltzailearen aurkako epaiketan. Epaileak akusatua errudun zela ebatzi, eta zenbat urteko zigorra jartzen zion erabaki bitartean eskaini diote hizketarako tartea zenduari. Barkamenaz hitz egin du, eta akusatuari zuzendu zaio, esanez lastima izan zela egoera hartan elkar ezagutu beharra, bestelako egoera batean akaso adiskide on izan zitezkeela.
Ez dakit nik… Bi parteen abokatuek egindako akordioren baten usaina hartzen diot. Nolanahi ere, aurrekari arriskutsuaren traza du. Tokitan geratu da Hil eta gero, salda bero! esaldiaren esanahia. Orain, hil ondoren ere edonon eta edonola erabil gaitzakete. Ez legoke sobran testamentuan, hala nahi duenak, gisa honetako esaldiren bat jartzea: «Ez dut nahi nire ahorik inork zabal dezan, patatak errioxar erara emateko ez bada».