Balizko bakterio batek bainuak bertan behera utzi ditu gure herriko hondartzan. Albiste bihurtu da hori. Eta nago ni, Zarauzko hondartzan gertatu izan direla bakterioa baino handiagokoak eta asko atzenduta dauzkagula. Datorren asteanbeteko dira laurogeita sei urte...
Alfredo Espinosa bilbotarra gerra garaian sorturiko Eusko Jaurlaritza hartako Osasun kontseilaria zen. Frantziara joan zen botika bila eta Gorlizko erietxeko haurrak non kokatu ikustera. 1937ko ekainean, Bilbo galtzear, Jaurlaritzak Santoñarako bidea hartuko du. Frantzian geratzea zuen errazena Espinosak, kide iheslarien zain. Baina itzuli egin nahi izan zuen. Toulousen hegazkin koxkor bat hartu zuen Santanderrera iritsi nahian. Yanguas izeneko pilotuak traizionatu zuen ordea. Motorretariko batek hutsegin ziela eta lur hartu beharko zutela jakinarazi zion. Frantzian zeuden artean, ustez. Baina pilotuak bazekien ongi Zarauzko hondartzan hartuko zutela lur. Atea ireki ahala atxilotu zuten Espinosa. Eta handik bost egunera fusilatu zuten, Gasteizen. Papera baino ez zuen eskatzen heriotzaren atarian. Gutunak idazteko. Emazteari, Agirre lehendakariari...
Ni, atxiloketa errazte aldera hondartzan suziriak piztu zituzten haiek kezkatzen naute. Bakterioak hutsa dira haien ondoan.

HITZ ETZANAK
Hondartzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu