Zortzi urte hauetan ez dut sekula egunkariaren erredakzioko hozkailuan zutaberik gorde. Bizitzak badaezpadako ezustekoak ematen dituenez, badaezpada zutaberen bat gordeta edukitzea komenigarri izaten omen da. Baina badakizue nolakoak garen bertsolariak! Ohituak gaude alanbrean ibiltzen. Irtengo da zerbait, azken-azken unean bada ere. Gaurko zutabe hau da lehen salbuespena. Aldez aurretik ari naiz idazten. Astebete lehenagotik, apirilaren 8an, zuek hamabostean irakur dezazuen. Fresko plantak egiten ibiltzea baino hobe da egia kontatzea, eta egia jolas bihurtzea. Hona nire aurreikuspenak…
Joan den asteburu honetan, Donald Trumpek, gorputz atalak metaforikoki erabiltzen maisu dela sinetsita, txinatarrek begi horiekin ez dezaketela ekonomiari buruzko ikuspegi zabalik eduki esan du; Joao Almeidak Itzulian lorturiko garaipenaren ondoren, Pogacarrek ez du lortu Paristik Roubaixerakoan nagusitzerik; Larrazabalek estu hartu zuen Altuna III.a buruz buruko partidan, baina hamabina joan ondoren, amezketarraren eskarmentuak jarri zion galga amurrioarraren grinari; Pedro Sanchez Espainiako presidenteak astelehenetik igandera aurrerarazi zituen Errepublikari buruzko ospakizunak, Eibarko herriari keinu bat egiteko asmoz.
Ez dudala deus asmatu esango didazue astebete barru. Hozkailurako zutabea nola egin behintzat asmatu dut!