andoni egana

Hurbiltasunaz

2024ko apirilaren 27a
05:00
Entzun

Donostiako oinetako denda batean egiten du lan. Eguerdiro oinak bizkor mugitu behar izaten ditu herrira itzuliko duen trena harrapatzeko. Tren hori galtzen badu, ordu erdi itxaron behar izaten du hurrengoaren zain, gosetua eta erretxindua. Presaka batean bazkaldu beharko du berriz trena hartu eta arratsaldean hiriburuko lantegira bueltatzeko.

Orain, ibilbide laburreko trenen maiztasuna heren batean urrituko dela jakinarazi diote. Obrak egiten ari dira tren berrirako. Renfeko arduradunetariko bati entzun dio: «Obrekin elkarbizitzen ikasi beharra daukagu». Gutxi da, ba, bizitzarekin elkarbizitzen asmatzea! Berak trena arnasa bezain premiazkoa du. Hartuko balu auto zaharkitua eta hartan joan hiriburura, parkingean utzi beharko luke soldataren erdia. Eta trenak maiztasunez nahi ditu, egunean bi atzera-aurrera —larunbatetan bakarra— ez baita huskeria.

Abiadura handiko trenaren iritsiera egokitzeko lanak direla jakin duenean, are gehiago asaldatu da. Gerora gutxi batzuek denbora irabazteko orain askok galdu beharra ez zaio buruan sartzen. Gainera, ezagutzen ditu gutxi horiek. Bezero ditu batzuk. Madril edo Paris gertuan nahi dituzte oinetako berriak erostera ere hara joateko. Orduan, berak ez du atzera-aurrerarik egiten lanik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.