Aritz Gorrotxategiren zutabe batean irakurri berri dut: «Asko jota irain gisa entzun ohi dugu noizean behin ‘neandertal’ norbait astapotro galanta dela adierazteko, nahiz astapotrokeria handienak sapiensak egin».
Sapienson garapen urriaren lekuko neroni izan nintzen duela urte mordoxka. Astapotrokeria egin genuen guk ere. Jorge Oteizaren etxean eman genuen arratsaldea. Beti bezala, mesede eske joanak gintzaizkion. Ea bere artelan batean oinarrituriko logo bat erabiltzeko baimenik emango zigun Bertsozale Elkartekoei. Lehen minuturako eman zigun baiezkoa. Ondorengo orduetan huntaz eta hartaz aritu ginen, gehienean bera hizlari eta gu entzule. Iluntze aldera, alde egiteko orduan, bere artelan bat oparitu zigun, pieza koxkor bat, guk espero ez genuela. Artelana hartu, eta bagindoazen txoria baino alaiago…
Jorge solairu askoko etxe batean bizi zen ordea, ez dut gogoan bost, sei edo zazpigarrenean. Ateraino lagundu zigun. Eta sumatu gintuen igogailua hartu ezinda. Ateak bazuen matxuraren bat. Eta gutariko batek hala bota zuen: «Cro-magnonen igogailua daukazue, Jorge!». Entzun orduko pipertu zen. Cro-magnonen defentsa suharra egin zuen, pertsonaren historiaz ezer gutxi genekiela argi utziz. Haserre, eskuetan generaman artelana kendu zigun eta eskaileratan behera abiatu ginen, «isilik egoteak zenbat balio dun».