andoni egana

Ikasgelan

2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hogeita hiru urte nituen eta nire lehen soldatapeko lana zen. Literatur eskolak ematea unibertsitatean. Ikasleetariko asko ni baino zaharragoak ziren, laurogeiko hamarkadaren hasierako industria birmoldaketa basati hark langile asko utzi baitzuen lanik gabe, eta eurek edo euren bikotekideek ikasketei berrekitea beste irtenbiderik ez baitzuten izan. Argi neukan nik, literaturarengatik behintzat ez zirela titulurik gabe geratuko. Iritsi zen azterketa eguna. Eseri ziren ikasleak nor bere mahaian. Eta hastera gindoazela, irakasle beterano bat sartu zitzaigun ikasgelan. Errieta egin zidan ikasleen aurrean. Ez zitekeela azterketa bat hala egin. Ea zeri begira nengoen. Elkarrengandik urrundu egin behar zituztela mahaiak. Eta hala egitera behartu zituen nire ikasleak bere begien aurrean. Ez naiz sekula hain inoreztua sentitu.

NATOren azken bileran katigatu egin dira Donald Trump eta Pedro Sanchez defentsarako gastuen zenbatekoa dela eta. Trumpek ikasgelara sartu zitzaidan irakasle beterano hura ekarri dit gogora. Ni Pedro Sanchez nintzateke.

Irakasle beterano petralduak agindutako mahai-tarteekin egin zuten azterketa ikasleek. Lotsa-minak irentsi, eta ez nuen txintarik atera. Ez nintzaion inori kexatu. Baina notak jartzeko garaian nahi nuena egin nuen. Iruditzen zait, tamalez, Pedro Sanchez ez dela hainbestera iritsiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.