Semeetariko bat Ameriketan bizi zen eta familia joan zitzaion bisitan. Aireportura bila etorri zitzaien seme hura. Berehala ziren bost lagunak autoan. Arrankatu, eta etxerako bidea hartu zuten. Bazeuzkaten mila pasarte elkarri kontatzekoak. Tartea hartu ezinik hari ziren bostak batera, elkar ulertzeko ere nahikoa lanekin. Eta halako batean, hala agindu zion amak bila joan zitzaien semeari, benetan, barru-barrutik: «Motel, motel… Itzali ezak irrati hori. Jardun eta jardun eta jardun ari duk eta ez dik ezer esaten!». Gainerakoek barre egin zuten. Ingelesaren arrastorik ere ez zeukan amak. Ezinezkoa zen beretzat, irratiak, jardun eta jardun egin arren, zerbait esatea!
Ama hura zena baino gazteagoa da Diaz Ayuso anderea. Eta suposatzen da mundua gehixeago ezagutzen duela. Baina behin gure amari ihes egin zion esaldi hura goiburutzat darabil. Beretzat, euskaraz, katalanez edo galizieraz ari direnek jardun eta jardun egiten dute, baina ez dute deus esaten. Pradales lehendakariaren diskurtso bat, Castelaoren irakurraldi bat edo Lamine Yamalen katalanezko hitzak ez ditu entzun ere egin nahi. Zertarako? Ez dute ezer esaten!
Pinganillo hitza Leon inguruko gazteleratik datorrela ikasi dut. Izotz kandela esan nahi omen zuen. Komeniko litzaioke bat belarriratzea. Lehendik daukan argizaria urtuko lioke kandelak…