Donostiako Artzain Onaren katedraleko kanpaiak, berritze lanen ondorioz urtebetean mutu egon ondoren, atzo hasi ziren berriz hoska.
Albisteak zerbait piztu zuen nire baitan. Beti pentsatu izan dut kanpaigilearena lanbide ederra dela. Norbere eskuz egindako zerbait komunitate oso batentzat hots bihurtzea ez da huskeria. Etxean egingo du lan, baina herriz herri ibiliko da kanpandorreen ezaugarriak ikasten. Artisau lana da, baina badu artetik ere. Brontzez eginiko hainbat kiloko kanpai batean diametroaren gunetik hainbat zentimetrora jota sol edo si edo dena delakoa entzuten dela dakienak badu aski bide sormenerako ere.
Bila nenbilela, Abel Portillarekin egin dut topo. Kantabriako herri txiki batean ari da kanpaigile. Azkenengoetarikoa omen. Elkarrizketa batean esan dituenak ez dira ahanztekoak: «Erlijiosoa al naizen? Baietz erantzuten badizut, gaizki; baita ezetz erantzuten badizut ere. Sinesmenak ematen duen indarrean sinisten dut». «Pertsonak bi aukera ditu: eboluzionatu edo Estatuak babes dezan zain egon». «Urtean200 kanpai egitera iritsi nintzen; orain 60 egiten ditut. Dirua gorde egin behar da badaezpada. Nekazarien antzekoa naiz horretan». «Ez dut erakundeetan federik. Zenbat kostatzen den baino ez zaie axola».
HITZ ETZANAK
Kanpaigilea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu