andoni egana
HITZ ETZANAK

Kezka

2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bada bizitzari buruzko ipuin moduko bat, aspalditxo ezagutu genuena. Herritar batek zoriona zuen helburu. Eta esan zioten halako hiritan, halako lekutan bazela Zorion izeneko doktore bat. Harengana joatea erabaki zuen. Itxaron-gelan zain jarri zen. Zain eta zain. Orduak pasatu, eta ez zioten deitu kontsulta-gelara, eta pipertuta eta etsita, ospa egin zuen. Ipuinaren ikasgaiak dio herritar hura ez zela jabetu Zorionak ez duela kontsulta-gelarik, itxaron-gelan bertan aurkitu behar dela.

Atzoko berripapereko albisteetan argi antzematen zen ze atakatan katigatu garen. EAJk autogobernuaren defentsa ezinbestekotzat jotzen zuen; UEMAk hizkuntzaren eskubideen arloan ematen ari den atzerakada onartezintzat; Iruñeko Indarkeria sexistaren aurkako plataformakoek, egoera, kezkagarri eta negargarritzat. Lurraldetasunean, hizkuntzan, genero berdintasunean… defentsa, atzerakada, kezka eta negarra. Ezaugarri hori dute erreakzionarioek: urratsari erratzarekin erantzuten diote.

Ez nator bat arestiko ipuinaren ondorioarekin. Nik sinesten dut zorionak baduela bere gela propioa, eta noizbait aurkituko dugula haranzko sarbidea. Baina batzuei min ematen die gu itxaron-gelan ikuste hutsak. Handik ere bota egin nahi gaituzte. Badaezpada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.