Ezagun batek, denbora-pasa, besteontzat harrigarri diren bideak jorratzen ditu. Kafetegietako terrazetan luzaroan egoten da, begira, pentsakor. Ondoan eseri nintzaion batean, hala bota zidan: «Badakik gaur zertan ari naizen?». Ahoa bete hortz utzi ninduen. Ari zen bere aurrean pasatzen ziren herritarrei buruzko aurreikuspenak egiten. Negozio bat zeukatela zekien haiek baino ez zituen neurtzen, ordea. Eta epaia oso zen zehatza: honek berriz ere kiebra joko dik; hark, ez; beste horrek bai, segur aski; hark inola ere ez.
Herrikideei buruzko jolas funts handirik gabeko hartan utzi nuen, ez alde egin aurretik nire ezagutza apurra erakutsi gabe: «Kontuz ibili zeu ere! Zuk ez duzu negoziorik, baina terrazako aulkia beti osorik topatuko al duzu? Bancarotta hitza badakizu nondik datorren? Italiar komertzianteei epaileek salmenta mahaiko aulkia apurtzen zieten, hartzekodunekiko zorrak kitatzeko gaitasunik ez zutenean».
Iragarki bat sumatu dut, aurrezki-kutxa batena. Da beren negozioa eskualdatu nahi duten pertsonak eta beren negozioari ekin nahi diotenak harremanean jartzeko programa bati buruzkoa. Polita dirudi. Leloa goxoa da: Ez dago negozio txiki batekin jarraitzea baino gauza handiagorik. Aulkiko nire lagunak zerbait erantsiko lioke: «Erne! Negozioa handitzen hasitako asko da txiki-txiki eginda geratu dena. Kiebran».