1882an hil zen Charles Darwin. Berari zor diogu espezieen eboluzioaren teoria. Bere teoriaren garapenari, indartsuenek baino ez dutela bizirauten dioen uste hori. Kontu ezagunak dira horiek. Irakurri berri dudana da Charles Darwin izan zela bulego-aulkia asmatu zuena. Gogaitua zebilen nonbait bere aulki pisutsua laborategian batetik bestera garraiatzeaz, eta aulkiari gurpilak eranstea otu zitzaion.
Handik sei urtera, 1888an, asmatu zuen Theophilus Van Kannelek ate birakaria. Segituan lortu zuen arrakasta. Ostatu eta enpresa handiek ate birakariak jarri zituzten. Barruko beroa hobeto kontserbatzen zen bestelako ateekin baino, eta jende samalden sarrera-irteerak errazten ziren, itxaronaldiak laburtuz.
Badut ezagun bat, hauteskundeak datozen bakoitzean jarrera bera hartzen duena. «Beti lehendik agintean daudenei ematen ziet botoa, izan batzuk ala izan besteak. Agintariak aldatzen badira, berrientzat egin behar izaten diagu lan, baina baita lehengoentzat ere. Sartu egiten dituk, baina irten, ez duk inor irteten. Mugitu egiten dituk». Darwin, gurpildun aulkiak, Van Kannel, ate birakariak, indartsuenen biziraupena, berotasunaren kontserbazioa... Horiek guztiak koktel berean sartu ditudanean hasi naiz ezagun horren joera ulertzen.