Imanol Lazkanok hitz hauekin hasten zuen txiste baten kontaketa: «Bazen Nafarroako Erriberan mutil ile-gorri bat, aurpegian ikuiluko bonbilak baino peka gehiago zituena». Txisteak berak baino grazia handiagoa egiten zidan mutila aurkezteko moduak...
Euskaraz ez dugu konparaketarako eta hiperbolerako halako ohiturarik. Akaso sintaxi kamustuak gain hartu digulako, erori egiten zaigu konparaketaren bigarren zatia, eta grazia galtzen du: «Binbo ogiaren alanbrea baino galduago dabil»-ek ez du gazteleraz esaldi berak duen esanindarrik. Hiztun onak baditu irtenbideak. «Galduago dabil, galduago...» dioenak, belarriak tentetuarazten dizkio gero «...Binbo ogiaren alanbrea baino» entzun behar duenari. Baina ahaztu zaizkigu hizkuntzaren baitako formula horiek. Orain, alferraren alferrez, nahiago dugu dena hurrengoa-rekin konpondu. «Ez da mantsoa, hurrengoa baizik». «Ez da ederra, hurrengoa baizik». Eta horrek ez du inoren mantsotasuna edo edertasuna adierazten, esalearen ezina baizik.
Futbol-asteburu honek hizkuntzari mesedetxo bat egin dio. Herritar gehien-gehienok behar bezalako jokabidea izan dugun bitartean, bestela ibili direnak ere izan dira. «Tontoagoa haiz tontoago, semaforotik salto egin zuena baino» esaera zahar bihurtuko da.
HITZ ETZANAK
Konparaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu