Erdialdeko Amerikan du jatorria eta goxoa omen da. Gozoa, bada. Elikagai oso ona ei da, liseriketari laguntzeko zuntz askoduna, A bitamina duena eta potasio eta magnesio iturri. Izango da. Baina…
Umetan kaskezurrean sartutakoa ateratzea ez da erraza izaten. Eta, gure etxean, boniatoa beti egon izan da goseteari lotua. Sarri entzuten genuen: «Pentsa! Gerra ondorengo urte haietan, patatarik ere ez, eta boniatoa jan behar izaten genuen!». Eta horrela hazi ginen, ezagutzen ez genuen tuberkulu hura parte onekoa ezin zitekeela izan sinetsita. Orain modan jarri da. Gure etxerako sarbidea ere ikasi du.
Bruce Springsteen oholtzetan dabil kantari, orain Europan zehar. Manchesterren eman zuen kontzertuan, kantuei ekin aurretik, bere herrialdeko gobernuari eta presidenteari buruz zer pentsatzen duen argi adierazi zuen. Autoritarismoa salatu zuen, eta askatasunaren aldarria egin. Trumpi min eman dio nonbait. Berezkoa duen dotoretasun faltaz erantzun die kantariaren argudioei: «Isildu egin behar luke mahaspaxa horrek!». Ez dakit irainen saltsan sartzeko asmorik baduen Brucek. Ad hominem argudiatzen hasita, eta fruitu-barazkien arlotik irten gabe, dei diezaioke presidenteari «piper»; edo ilajeaz baliatuz «porruburu»; edo «melokotoi». Baina ongien datorkion konparazioa beste bat da: «Hi haiz isildu behar lukeena, boniato halakoa!».