andoni egana

Loaz

2025eko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Itxura denez, gauez bisitatzen gaituzte mamuek. Bat ezin loa bilduz egongo da biharamunean ere lan bila ibili beharko duelako, eta etsitzen hasia dagoelako; beste bat ezingo da lokartu, biharamunean lanera joan behar duelako eta lantegian giroa oso ozpindua dagoelako; beste batek hurrengo asteko azterketa izango du gogoan, eta gaua emango du sabaiko lanpara armiarma itxurakoari begira, begiak itxi orduko armiarma hori sabaitik jaitsi eta izterrean gora sumatzen baitu; beste bat bere bakardadeari bueltaka arituko da...

Gero eta jende gehiagok hartzen du loa erraztuko dion pilularen bat. Inguruan suma dezaket, eta datuek ere hala diote. Orfidal edo Lorazepam hitzak sarriago entzuten dira egun, esaterako, masusta edo zura baino. Eraiki dugun gizarte konplikatu eta lehiakor honek loari zenbateraino eragiten dion horrexek adierazten du. Eta loa da norbere itzalaren antzeko zerbait. Ihes alferrik hasiko zara, harrapatu egingo zaitu eta; baina zeu harrapatu nahian hastean, ez duzu inoiz atxikiko.

Baina beti aurki daiteke arnasa apurren bat eman eta sosega zaitzakeen esaldi edo ideia punttaren bat. Kasu honetan, herenegungo berripapereko azken orrialdean. Josu Iztueta bidaiariaren hitzak dira: «Beti esaten dut zortea dela lurrean lo eginda deskantsatuta jaikitzea; ohe eroso batean lo egin ezinik egotean izaten dira arazoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.