andoni egana
HITZ ETZANAK

Makina bat

2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hitzekoak omen ginela zioten. Ez dakit ospe horri eutsi ahal izango diogun. Langile famarena geratuko zaigu gure Paris partikular. Eta arlo horretan ere gauzak aldatuz doaz, langilearena gure iruditerian bizkor mudatu den kontzeptua baita.

Tailerrak herriguneko bebarruetan kokaturik zeuden garaiak ez dira hain aspaldikoak; «halakorentzat» lan egiten zirenak ere ez; bizikletaz ezagutu izan ditugu herriko kaleetan langileak, tabloia bizkarrean, batetik bestera; eguerdiko txikiteoa konpartitzen zuten piper egindako unibertsitate-ikasleek eta ordu t'erdiko bazkalordua murriztu nahiago zuten langileek. Ezagutu dugu izendatzeko moduan ere aldaketarik: tailerrei, fabrika deitzen hasi ginen, eta fabrikei, produzitzea baino zailagoa saltzea zen unetik, enpresa.

BECen aste honetan egingo da makina-erremintaren biurtekoa. 1.750 erakusleku eta inoiz baino fakturazio handiagoaren aurreikuspena. Mundua Barakaldon. Eta gu munduan. Orain edozeinek dauka alaba bat hemengo enpresa baten sukurtsalera Txekiara lanera joana, lehengusu bat makina konponketan maiz-maiz Italian, Alemanian edo Estatu Batuetan dabilena, edo koinatu bat urtean sei hilabete Txinan ematen dituena. Hala beharko du. Baina kalea, galtzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA