Ez naiz kexuka aritzekoa. Ez dut orro handirik egingo, oso tarteka haserretu eta sutan jartzen ez banaiz. Naizena naiz, batzuetan emankorra eta seko idorra besteetan. Fama ona dut singularrean. Batzuek «ama» ere deitzen didate. Pluralean erabiltzen nautenean etortzen dira arazoak, jabetza-desira eta sos-iturri paregabea bihurtzen bainaiz.
Baina gaur ez naiz horregatik kexuka hasiko. Gaur, nire minaren berri eman nahi dizuet. Lehen ere ez ninduten ba gutxi zulatu! Horko tunela, besteko mamu-geltokia, hango tren-karrila... Eta orain esan ez dute ba, Aralar inguru horretan laginketak egiten hasi behar dutela! Ziriak sartuko dizkidate ahalik eta sakonera handieneraino, batean eta bestean, batean eta bestean. Zuetarikoren batek inoiz ultzeraren bat izan badu, gogoratuko da zeinen atorrantea den proben bila eztarriko zulotik estamuraino ziri bat sartzea! Ba niri gauza bera egingo didate baina behin eta berriz. Eta gaitz erdi helburua ni sendatzea balitz! Ni ez naute aintzakotzat hartu ere egiten. Helburua, beti badatorren eta inoiz iristen ez den abiadura handiko tren bat abian jartzea omen da.
Lurra naiz, bai. Singularrean denik eta gauzarik ederrenetakoa. Tamalez, pertsonentzat pluralean naiz. Lurrak. Eta nola lurrak beti norbaitenak diren, nahi dutena egiten dute nirekin, nahiz sarritan zer nahi duten ere ez jakin.