andoni egana
HITZ ETZANAK

Nahiz betor

2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Jakineko kontua da telebista kateetako programazioari parrilla deitzen zaiola. Eta onartu beharra dago Euskal Telebista beste inor baino hitzekoagoa izan dela horretan. Programazioa sukaldaritza programaz bete du. Goitik behera. Eta sukaldaritza programa ez direnetan ere, beti aurkituko dute aitzakiaren bat jan-edana protagonista izan dadin.

Ondorioz, euskal kate publikoan gehien errepikatzen den euskarazko hitza uuum! da. Sukaldariak, sukaldariaren gonbidatuak, kazetariak, hurbildu den herritarrak... mokadu bat probatu ondoren esaten duena da «uuum!». Eta beti «oso goxoa» dago, jakina.

Aholkatuko didazue ez izateko hain erretxina. Euskal Telebista ez dela horretara mugatzen. Urrutira gabe, aste honetan aurkeztu dutela Primeran plataforma berria, kontsumo ohitura berriei erantzuteko asmoz. Herritarren zalantzak argitzeko autobus bat ere atondu dute, herriz herri ibiliko dena. «Hau behintzat egin ditek. Ez zaik hau ere gaizki irudituko, ezta?», galdetu nion lagun xelebreantxa bati atzo. Horrelakoetan San Inazioren martxaren letra zati batez akordatzen zela erantzun zidan. «Euskaraz inoiz elkartu diren hiru silaba arraroenak dituk». Eta toteldu egin zidan: «Nahiz betor... Luzifer deabrua». Nahiz betor bat sentitzen omen du...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.