andoni egana
HITZ ETZANAK

Nola osatu

2023ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zalea naiz. Urte pare bat pasa dezaket bat ere egin gabe. Baina hurrena, auskalo zergatik, ekin ekingo diot eta ez dut onik izango parean daukadan puzzlea osatu arte. Erlaxatuegiten nau mila edo mila eta bostehun piezako puzzleak osatzeak. Garrantzitsuak ez diren gauzak egitearen garrantziaz jabetzen naiz tarteka.

Atzo, egunkari honen lehen orrialdean Nafarroako puzzlea berriz osatzeko ordua irakurri nuenean, politikagintzak balukeela puzzlegintzatik zer ikasirik otu zitzaidan. Ertzetatik hasten da puzzlea osatzen. Hobe luke politikak ere ertzetatik ekin. Kolore bizi jakin bat duten piezei helduko diezu gero. Egungo politikan gehienak ahalegintzen dira norbere koloreak pasteltzen. Ertzen eta koloreen ondoren, formei begiratuko diezu. Politikan, berriz, gero eta gutxiago begiratzen zaio formari, zakar bota eta kito. Gero, piezen buruei begiratuko diezu. Badira batzuk bakarrekoak, bikoak besteak, hirukoak ere badira... Eta Espainiako ezkerrekoez gogoratuko zara, oraintxe ez baitago oso argipieza bakoitzak zenbat buru dituen ere...

Pazko astean egoteaz gain hauteskundeen atarian ere bagaudenez, nire puzzlegintzaren sekretutxo bat kontatuko dizuet. Zerua beti azkenerako uzten dut. Hasieratik agintzen dizuenei ez jaramon handiegirik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.