Interesgarria iruditu zait oso atzo Irati Zubia Landak idatzitakoa. Kaleak, paretak, gauak… gureak dira zuen izenburu bere arkupekoak, eta aintzat hartzeko moduko kontu asko zekarren. Hona hemen atentzioa eman zidaten ahapaldietariko bat: «Bada pintada eder bat, Este graffiti baja el precio de tu alquiler dio Wohouk. Ezin hobeto laburtzen du nire hirian —eta ziur zurean— gertatzen dena».
Hartu autoa eta lanera bidean, azken hilabeteotan beti egiten dut topo arazo berarekin. Nire herrian ere etxeak —asko— eraikitzen ari dira. Eta errepidearen zati bat hartzen dute obratarako kamioiek. Langile bi egoten dira kamioen inguruan, autoan goazenoi pasada txandaka eragotziz eta baimenduz. Obra publikoa balitz ongi eramango nuke geldialdia. Baina etxeak egiten ari direnak eraikuntza enpresa pribatuak dira, etxe horiek egitetik dirutza aterako dutenak. Haiek estutzen dituenak ito behar al nau ni? Graffiti bat egiteko gogoa sortzen zait: Eraikitzaileena bezain nirea da kale hau.
Ezetz esango didazue. Ez egiteko horrelakorik. Egin, eta aginpidea duen norbaitek —udalak, epaitegiek…— arrazoia emango balidate, eraikitzaileak gai liratekeela euren materialak kamioiz ekarri ordez helikopteroz ekartzeko. Eta etekin murritzagoak lortzeko prest ez leudekeenez lortuko nukeen bakarra dela… etxebizitzen salneurria garestitzea!