Zakilixutek oilar txuri-gorri-urdina ekarri digu pizarra batera. Ezproiak zorrotz dituen oilarra; oilo ipurdia sortzen duena; (h)egalité delakoa bere erara ulertzea komeni zaiona.
Ez nabil ornitofobiatik urrun. Umetan, aitonaren baserrian zokomiran nenbilela, bukoi batean burua sartu nuen eta bertatik oilar bat irten zen, hegoei eraginez, zalaparta batean. Sustoa. Orduz geroztik hasi nintzen amesgaiztoetan hegoak ikusten... Ahalegintzen naiz egiazkoetatik aparte ibiltzen, baina zail da hegaztiek duten indar sinbolikotik libratzea. Zikoina, haur-ekarle; ostruka, arazo bati aurre egin nahi ez dionaren sinbolo; hontza, jakin-minaren eredu; enara, urtaro berriaren iragarle; arranoa, boterearen eta kemenaren isla; kukua, gure hainbat kondairaren euskarri...
Hizkuntzaren baitan ere sartzen dute mokoa hegaztiek. Zakilixutenaren ildotik, ez da harritzekoa Iparraldeko euskaldunak aztoraturik ibiltzea. Aztoratu omen da —Pello Esnali ikasi nion— txitatxoak egiten direna, kolkatik aparte samar dabiltzala, airean aztore harraparia sumatzean. Itolarriak jotzen ditu. Ikara sortzen zaie eta babes bila hasten dira. Bazekien Francok zertan ari zen bere itsasontzia Azor izendatzean! Parisek ez du horren premiarik. Badaukate oilarra...

HITZ ETZANAK
Oilarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu