andoni egana
HITZ ETZANAK

Ostatua

2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Luise Rainer aktore alemaniarra, aste honetan puri-purian dabiltzan bi berrik, Donostiako Zinemaldiak eta Francisco Francoren gorpuak, topo egiten duten lekua. Bazen norbait Luise Rainer. Besteak beste, bi Oscar sariren jabe, Espainiako Gerra Zibil garaian beti, eta modu aktiboan, azaldu zuen Errepublikaren aldeko jarrera.

Ezaguna da 1986an gertatua. Zinemaldiak gonbidaturiko izarretariko bat zen Luise Rainer. Antolatzaileek Aieteko jauregia ostatu gisara erabiltzea pentsatu zuten. Han egin zioten lekua Luiseri. Honek, ordea, jauregi hura Francoren egoitza izan zela jakin zuenean ez zuen bertan minutu bakar bat ere igaro nahi izan. Beste ostatu batera eraman zezaten eskatu zuen, apalagoa bazen ere. «Ez dut Franco bizi izan zen leku berean egon nahi. Jauregian sartzean tristurak irentsi nau». Pentsa urteotan zein sufrikario izan duten Erorien Haranean hobiraturiko milaka errepublikazaleren ondorengoek!

Ehun eta lau urtez bizi izan zen Luise Rainer. Medikuei jaramon handirik ez egitean zetzala bere bizitza luzearen sekretua esan zuen behin. Duela berrogeita lau urteko udazken hartan nazka-nazka egin ginen «ohiko mediku taldearen» parteak entzuten. Ez zen sekula hiltzen Franco. Ia ehun eta bost urte harrapatu zituela iruditu zitzaigun...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.