andoni egana

Patea eta gurutzea

2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Harrapatzen, behin baino ez naute harrapatu. Ikasle pisurako erosketak egitera joanak ginen Gasteizko supermerkatu batera. Aurrekontuetan sartzen ez zen pate-potea. Tentazioa. Esku bat. Begi bi. Gorritu, lotsatu, ordaindu eta kito. 

Orain ere egingo dira horrelako lapurretak, beharrak eraginda asko, ez tentazio soilarengatik. Baina egungo lapurretak sofistikatuagoak dira. Finantzetan egiten dira, nominetan, bitartekaritza lan puztuetan… Horregatik egin dit grazia zendu berri den aita santuarenak.

Ostegunetan berripaper honekin batera argitaratzen den Guka gehigarrian izan nuen Joxe Ramon Arizti apaiz oikiarraren berri. 20 urterekin Teologia ikastera Argentinara joana, 24rekin egin zen apaiz. Aitorle oso ezagun bihurtu zen Arizti 1950 aldera. Eta orduan ezagutu zuen Jorge Mario Bergoglio, gerora Frantzisko aita santua izatera iritsiko zena; eta bere konfesore izan zen. Bergogliok berak kontatu zuen, 1996an, Arizti hil zenean, bisita egin ziola hil-kaperara. Jendea bakan. Lore batzuk erostera irten omen zen, eta haiek jartzen ari zela… «Arrosarioa ikusi nuen; tentazio handia izan nuen, eta erori egin nintzen; arrosarioko gurutzea lapurtu nion». Hala aitortu zuen 2022an, ordurako aita santu zela. Nik, baldar aritzeagatik, lotsaren gurutzea eraman nuen puska batean pisukideen aurrean. Frantziskok, gurutzea zuzenean!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.