andoni egana
HITZ ETZANAK

Patua

2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ez dakit den Historia edo istorioa. Bigarrenetik gehiago izango du segur aski.

Ba omen zen buruzagi militar erromatar bat Marcelo izenekoa. Kartagotarren aurkako gudan oso gutxitua eta etsia omen zeukan bere gudari saldoa. Aurrera egin eta azken borrokaldia jokatu edo atzera jo ihes. Erabakia hartu beharra zegoen. Bildu zituen bere gerlariak eta erabakia Jainko-Jainkosen esku uztea erabaki zuela iragarri zien. Txanpona airera bota eta alde bat irtenez gero gerrara joko zuten eta bestea irtenenean, etxera. Borrokarako deia egin zien txanponak. Eta gerlari gutxitu eta etsi haiek, patuaren esanetan itsu-itsuan sinisturik, irabazi egin zuten borrokaldi hura. «Ez da giza indarrik patuaren kemenari aurre egin diezaiokeenik», bota zion harro bere kapitainetako batek Marcelori garaipena ospatzeko egin zuten afarian. Marcelok ez zion deus erantzun. Irribarre egin zuen. Sartu eskua sakelan eta txanpon trukatua erakutsi zion. Bi aldeak zituen berdinak...

Hauteskunde kanpaina abian da. Inoiz baino nabarmenago, tropa gutxitu eta etsi bati zerbait-nolabait sinistarazteko garaia. Baina hau ez da istorio soil bat. Eta gu ez gara erromatar haiek bezain sineskorrak. Edo bai. Eta oraindik Marceloren bat ibil daiteke inguruetan sakelan txanpon trukatua gorderik daukana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.