Gutxien dutenei eragin die gehien. Hori da Osakidetzak egin duen ikerketa baten ondorio nagusia. COVID-19 probetan positibo emandako 300.000 lagunetik gora izan dituzte aztergai. Eta atera duten ondorioa da baliabide gutxien zituztenei gehiago erasan ziela birusak, bai kutsatze orduan, bai kutsatze horien larritasun mailari dagokionez, eta baita heriotza kopuruari dagokionez ere.
Birusa ez zen kontu korronteei begira ibiliko, gorputz eta buru osasunari begira baizik. Eta pentsatzekoa da maila sozioekonomiko baxueneko pertsonen gorputz-buruak —hanpatuagoak, gutxiago zainduak, lan gogorren ondorioz paliza gehiago hartuak—, tentagarriagoak zitzaizkiola aberats ongi mantenduenak baino. Gainera, pobreak bizi ere pilatuago bizi dira, erlauntzak etxe; telelanik onartzen ez duten lanak egiten dituzte... Osakidetzak dio gure bezero fitxa elektronikoan erakusle asko agertzen dela, baina ez dela maila sozioekonomikoaren aipurik egiten. Ez litzatekeela kaltegarri gure ezaugarriei hori ere eranstea. Fitxa bat irudikatu dut: Jose Mari Iniesta Uriarte. 1966. Belarrietako argizari tapoiak kendu (hiru aldiz); mokor-hezurraren ebakuntza; diabetikoa; pobrea. Guztiz unibertsala eta publikoa den sistema batek ez luke horraino iritsi beharrik...
HITZ ETZANAK
Pobreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu