andoni egana
HITZ ETZANAK

Pobrezia

2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nazioarteko egunak ospatze hori xelebretzat ere jo genezake. Arazo txiki- larrien nahasketa handiagorik nekez osa daiteke, umorea propio egitera joanda ere. Esaterako, urriaren 1ean, biak batera ospatzen dira: Pertsona AdinduenNazioarteko Eguna eta Kafearen Nazioarteko Eguna. Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egun bat bada, baina baita Mosketarien Nazioarteko Eguna ere. Bada Katuaren Nazioarteko Egun bat. Ez dirudi oso serioa...

Herenegun Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izan zen. Eta xelebretik gutxi du horrek. 1987ko urriaren 17an Parisko Trocaderon, milaka eta milaka lagun bildu ziren munduan hain begi bistakoa zen pobrezia salatzera. Paris aukeratu zuten bilgune, han onartu zelako, 1948an, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala. 1987ko urriaren 17 hartan gogorarazi ziguten ez dela giza eskubideen ukazio handiagorik pobrezia baino.

Hogeita hamasei urteren buruan, igualtsu gabiltza, okerrago ez bada. Orain eta hemen, lana duena ere izan daiteke pobrea. Oso pobrea. Hitzek ez dute deus konpontzen, baina hitzak konpondu behar genituzke gutxienez. Pobrezia desagerrarazteak badu halako magia eta berez gerta daitekeenaren kutsua. Pobrezia erauztearen alde nengoke ni. Erroetara jo, eta atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.