Poltsikoetatik poltsetarako urratsa egin dugu nonbait mende erdi batean. Gainerantzean ez gara hain desberdinak orduko umeak eta oraingoak...
Iruñeko San Fermin Txiki bestei buruzko erreportajea zekarren atzo berripaper honek azken orrian. Korporazio txikiaren hautaketa, erraldoiak, txupinazoa eta goitik behera jaurtitako goxokiak. Eta behean ume mordoxka bat, zeinek zenbat harrapatuko, gero, zaparrada amaitzean, lagunekin elkartu eta nork-zenbat alderatzeko. Hori ez da aldatu. Eta esango nuke ez dela komeni aldatzerik ere.
Bataio-osteetan, elizako zimitarioa izaten zen guk goxokiak harrapatzeko abagunerik finkatuena. Lehenik goxokiak jaurtitzen zituzten haur bataiatu berriaren guraso eta aitabitxi-amabitxiek, eta ondoren, erreguarena baino gehiago mehatxu tankera zuen haur-bozkario batek eraginda—«Umea saguak jango! Umea saguak jango! Umea saguak jango!»— hasten ziren txanponak botatzen. Oraingo umeek «gurasoek ekarritako poltsak zabaldu zituzten zerurantz, gozokien zaparradaren zain». Huskeria diruditenek islatzen dituzte ongien gizarte aldaketak. Plastikozko poltsarik ez zen garaikoak izango ginen gu. Ez genuen horrelakorik eramaten. Ezta burutik pasatu ere! Aski genuen poltsikoak ahalik eta gehien betetzearekin...

HITZ ETZANAK
Poltsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak