Deserriaren eta ihesaren paradigma da guretzat Santander. Joxe Mari Iparragirre ordurako iheslari ibilia zen Frantzian, Suitzan, Italian, Ingalaterran… baina ez ditu herrialde horiek aipatzen. Hogeita hamabost urte zituela, Gernikako arbola sortu eta plazatan kantatu ondoren, atxilotu eta Tolosan giltzaperatu zuten. Auzia zela eta, bi urte pasatu behar izan zituen kanpoan berriz ere, Nire amak baleki bertso sortan kontatzen duenez: «Kartzelatik atera, fiskalan etxera, abisatu zidaten joateko berehala. Ez etortzeko gehiago probintzi honetara, orduan hartu nuen Santander aldera».
Espainiako gerra zibilean ere, 1937ko ekainean Bilbo erori zenean, Eusko Jaurlaritzako agintariek ihes egin behar izan zuten. Eta ekialderantz hartzeko, mendebalderantz hartu behar izan zuten lehenik, Santander aldera. Santander berriz ere, deserri eta ihesbide.
Badirudi laurogei urtean behin-edo Santanderren mamua agertzen zaigula euskaldunoi. Egunotako berria da Osakidetza kexu dela Kantabriak mediku eta medikugaiei hemengoak baino soldata handiagoak eskaintzen dizkielako. Ez dakit hala den eta ez noa iritzirik ematera. Baina Santander berriz ere deserri eta ihesbide izatea baino irteera hoberik izango dela esango nuke. Oraingoan ez gaitu inork kanporatu; ez gaude gerran. Ea talentuari eusteko adina talentu erakusten dugun.