Itsasertzetik oso gertuan ari naiz, baina oso urrutiko sentitzen dut gaia. «eAtlantic» fundazioa aurkeztu du Iñigo Urkulluk, Lehendakari izanak. Ardatz atlantikoa indartzeko lobbya da «eAtlantic». Ardatz atlantikoaren interesak Europako agendan kokatu nahi omen dituzte. Lehendakari ohiaz gain, Iberdrola, Petronor, BBVA eta Kutxabank dira sustatzaileak.
Kantauri itsasertzeko hegoaldeeneko puntutik ari naizelako edo, ez naiz gai iparra ongi ikusteko. Aitortu dut lehen: urrunekoegia zait gaia mamiari dagokionez. Baina azalari buruzko zerbait esateko gauza sumatzen dut neure burua. «Garapena saretzen» dioen leloaren atzean ageri dira gorbatadunak. Eta ez didazue esango ez dagoela maiztuegia saretzearen simila! («Hori asmatu duenak ere kobratu igual egingo zuen?», esaten du horrelakoetan nire lagun batek). Gainera, ez dakit ez doan gure hiztun senaren kontra. «Saretu», ortzia egiten da, ekaitzaldi gogor baten ondoren ostarteak agertzen direnean; «saretu» egiten dira prakak, belaun-katiluen parean, edo jertseak ukondoetan; «saretu», ardoaren kolorea egiten da, ura eransten zaionean.
Alde horretatik begiratuta, bat netorke leloaren esanahiarekin. Akaso hauxe da garaia garapena saretu dezagun, galda behar zoro honi galga jarriz. Baina Fundazioaren eragile nor diren ikusita, ez dakit aterraldi bat eskatzea ez den ateraldi hutsa.