Andoni Egaña.
HITZ ETZANAK

Solasean

2023ko apirilaren 07a
00:00
Entzun
Azken boladan ChatGPTa da lagun arteko elkarrizketan sarrien ateratzen den gaia. Adimen artifiziala kontzeptu lauso samarra izaki, behar genuen zerbait konkretuagoa tabernako eztabaidatarako. Batzuk mesfidati azalduko dira. Kontatuko dizute koinatuaren lagun batek galdetu ziola Salamancan otordu merke bat non egin zitekeen eta Palentziara bidali zuela ChatGPTak. Oraingoz, makinak ez duela piper-hautsik balio, horretarako aski zirela lehendik geneuzkan bilatzaile arruntagoak. Beste batek esango dizu bere lagun irakasle batek aitaren batean prestatu ahal izan zuela bilera bat, ChatGPTari Montessori metodoaren aldeko eta aurkako argudiorik indartsuenen bilduma eskatuta. Beste batek dio bera ahoa bete hortz utzi zuela, Dalik inoiz margotu ez zituen Euskal Herriko txokoak —Donostiako Kontxako badia, esaterako— nola margo zitzakeen ikusi zuenean. Ederrak eta sinesgarriak zirela makinak eskainitako artelanak. Beste batek, kuadrillako idazleak, botako du, makina gai baldin bada Axularren idazkeraz bikote homosexual baten harremana kontatzeko, apokrifoetarako bide emango lukeela, eta jolas hori kitzikatzailea iruditzen zaiola oso. «Baina tira... Ahapaldiak berak antolatzen badizkit, konforme ni. Testua, nahiago neurea» esanda bukatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.