Uste dut nik ere gauza bera egingo nukeela. Uste. Unea iritsi arte nola jokatuko duzun ez da sekula jakiten. Kalean nindoan atzo, nire pentsamenduetan murgildurik, eta praken atzeko sakelan eskua sartuz, autoa hartu aurretik begiratu behar nuen papertxo baten bila. Hirugarren «señor!» hotsean jiratu nintzen, ez bainuen uste nigatik ari zenik ahots hura. Eskua luzatuta zetorren niregana. Erori berri zitzaidan 50 euroko bat zekarren…
Zenbaiten diskurtso politikoak badaki lur emankorrak aurkitzen. Ez datoz lanera, lapurretara datoz. Eta lanera datozenek hemengoei kentzen diete lana. Beldurra ematen du horietako gazte kuadrilla baten parean pasatzeak, begirasun gaiztoa egiten dute eta. Gobernuek, berriz, ez daukate eduki behar denik horiei sarrera galarazi, edo erregulatzeko. Sikiera hemengo ohitura eta janzkeratara egokituko balira, baina eurenean segitzen dute egoskor. Eta hedabide askok hauspotu egiten dute mesfidantza, delituren baten berri ematean, gaizkilearen jatorria premiarik gabe azpimarratuz: «Marokoar jatorriko gizonezko batek labanaz egin zion eraso…».
Horrexegatik baino ez bada ere, jatorrian egin nahi nuke nik ere azpimarra. Eskua luzatu zidana emakume gazte musulman bat zen, janzkeragatik. «Eskerrik asko» soil bat baino ez nion erantzun. Dirua itzuli zidan; konfiantza sekula galdu gabea nuen.