Arrosario bat Gaztetxe bateko barran; erloju bat haurdun; gondola bat haserre, bi muturrak urpean dituela; kafe makina baten ondoan komuneko taza; energia berriztagarriei buruzko bilera bat, non partaiderik gehienak lo dauden; eguzkia, Daliren erlojua legez, beroaren beroz urtzen-urtzen… Irudi surrealistak nahi hainbat asma daitezke. Nik, atzo, ikusi egin nuen, ordea, irudi horietako bat. Etxebizitza bloke baten teilatuan, sorosle bat, bere eskaileratxora igota, piszinan bainatzen ari zirenei begirik kendu gabe.
Etxebizitza da, soziometroek hala diote, gure kezkagairik handiena. Ez da harritzekoa. Negozio izugarria bihurtu da. Gazte eta ez hain gazteentzat, jabetza ezinezko eta alokairua ere oso garesti. Badirudi, ibilian-ibilian, etxebizitzaren kontuan bi-hiru belaunaldi egin beharko dugula atzera. Desberdintasun batekin: duela mende erdi belaunaldi askotako pertsonek elkarbanatzen zuten etxebizitza. Aurrerantzean, belaunaldikide askoren artean banatu beste irtenbiderik ez da izango lege zorrotzen batzuk indarrean jarri ezean. Eta halere…
Ni, bitartean, irudi surrealista burutik kendu ezinda nabil. Soroslea teilatuan. Noiz eta uztailaren hasieran; non, eta itsaserri batean. Ziur nago etxebizitza horiek eraikitzen ari zirela, promoziorako, bisten zoragarria eta itsasoaren gertutasuna azpimarratu zituztela.