Ulertzen dut Gorka Urbizuk zer sentitu duen Abbey Roaden bi kantu grabatzean. Tokirik bada, tokia da hura! Musikaren ibiliari astindu bat eman ziotenek grabatu zuten han duela hirurogeitaka urte, artean etorkizuna ere ez ginenean. Aztarna horien gainean grabatzea pista berri batean grabatzea baino ederragoa izango da.
Ulertzen dut zer sentitu duen Iñigo Serna Mape Busturia mendi elkarteko kideak Urmuga-ren ekitaldi honetan, musika, zuzenean, baseliza atari, zelai edo basoetan entzutean. Tokiak dira haiek, tokirik bada! Patata tortilla arrunt bat ere mendian kalean baino hobea bada, pentsa zer sentitzen den goi mailako musikak eszenatoki hura harrapatzen duenean!
Emozio horiek dira biziarazten gaituztenak. Izan ere, toki asko da norbere lekua aurkitu duenarentzat. Inbidia ere ematen du, zeinahi dela ere arrazoia, toki bati atxikia sumatzen duzun jende horrek. Norbere lekua aurkitzen asmatu behar da horretarako. Eta norbere lekua aurkitzen ez da erraza izaten. Bestela, ez ginateke denok paseatzera toki bertsuetara irtengo; ez ginateke festagune beretara joango; ez genituzke terraza berak mukuru beteko; ez genuke guztiok siesta ordu bertsuan egingo, Frantziako Tourra begi bakarraz ikusiz. Turistak eranstean, udak begi bistan uzten du gure artalde joera. Eta inon ez da tokirik aski bere lekua aurkitu ez duenarentzat.