andoni egana
HITZ ETZANAK

Xakean

2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Nerabezaroan, bulkadek indar handia duten sasoi horretan, fitxak mugitzen ikasi genuela eta eskolarteko xake-txapelketa batean izena ematea bururatu zitzaion kuadrillako bati. Ez zuen zorte onik izan. Inguruetako jokalaririk onena egokitu zitzaion lehen aurkari. Eta ez zen sona soilik. Ona benetan zen. Orduan ez genekien, baina gerora nazioartean ere nabarmentzera iritsi zen. Irtenbide bakarra zeukala esan genion: lasai hartzea. Joateko propio berandu zitara eta aurkaria urduritu egingo zela zain zegoen bitartean. Hala egin zuen.

Mariano Rajoyk ia gure kuadrillakoa dirudi. Bere alderdiaren inguruan edozein xextra sortzen delarik ez du sekula argi hitz egingo edo erabakirik hartuko. Zain egoten da zer gertatuko eta zirt edo zart ez egite horri etekin ederrik atera izan dio. Propio iristen da berandu. Gai da Cifuentesen lotsagarrikeriak berak ez beste edonork ordain ditzan lortzeko. Berandutzen ona da. Aurrekontuak? Zaudete. Presoen afera? Ez dut mugitu beharrik.

Beti ez du, ordea, berandutzeak balio. Ez dakit aurkaria urduritu zen, baina gure kuadrillakoak aitaren batean galdu zuen xake-partida. Eta Rajoyri ez dakit nola irtengo zaion Kataluniakoa. Haiek benetan baitira onak. Nazioartean ere nabarmentzen hasiak daude...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.