Azala izango dut gogorra. Baina zenbait kontuk nire onetik ateratzen nau. Bada zenbait guraso euren haurren azterketak gorriz zuzentzeagatik kexatu dena. Erasotzaileegia omen da kolore hori; haurra gutxitua sentitzen omen da orria gorriz betea ikustean; haurraren nortasunari eragiten omen dio horrek… Betiere «gure haurraz» esaten dira horrelakoak. Haurraz soilik mintzo balira sinesgarritasun handiagoa lukete.
Beste aldean ere zakurrak ortozik ordea! Ez da hemen gertatu, baina bai hemendik hurbil. Bigarren Hezkuntzarako irakasle oposizioetan ortografia akatsak egiteagatik azterketa gainditu gabe geratu da irakasle mordoa. Eta kexu dira, jakina. Badakigu ortografia akatsak egiten dituen norbait izan daitekeela irakasle ona. Era berean, egiten ez dituena izan daitekeela txar amorratua. Baina norbaitek neurgailuren bat —zuzen ala oker— jar diezazun onartzen duzun unetik haien menpe aritu beharko duzula ulertzen ez baduzu, nekez izango zara irakasle ona. Kexatu ordez, hurrengorako neurgailuak aldatzen saiatzea ia hobe.
Niri, behin baino ez dit eman min gorriak. Soldaduskan, derrigorrezko azterketa. Oso galdera errazak. Espainiako itsas portu militarrak zerrendatu behar ziren. Idatzi nituen. Haietako bat, Ferrol. Eta bueltan, orrian, gorrian, hitz erantsi bat: «del Caudillo». Baziren zortzi urte Franco hil zela.