Presidente izateari utzi eta urte batzuetara adibide gisa ipini zuen. Presidente zenean zituen hiru zapata pare berberekin zebilen artean. Ez zuen gehiago behar.
Oinetakoen kontu horri azalpena erantsi zion. Neoestoikotzat jotzen zuen bere burua. Beretzat, pobrea omen zen asko behar duena. Eta asko behar duen horrek elorrio zeukala zioen, ez duela sekula aski izango. Bera greziarren esaera baten aldekoa zela: «Ezertatik ez gehiegi». Aitortzen zuen inor ez zitekeela izan zoriontsu zulatutako tejabanapean eta kaka ontzi batera eginez bizi bazen. Neurriak badirela ordea. Arazoa dela nagusi den sistema honek neurririk ezean hesitzen gaituela, beti aiduru, beti zorpeko. Eta ez dela hori Ameriketako kontua soilik. Ezagutzen dituela Europan hainbat edadetu, kontsumo gizartetik ihes, landa eremuko aterperen batean babes hartu nahi izan dutenak. Bekain iletsuak gorantz, zalantza egiten zuen irtenbidea hori zen. Bere ustez, ihesaldi bakarkako horiek ez diote erantzun kolektiborik eskaintzen arazo nagusiari…
Presidente haren oinetakoek utzitako lorratzak erreferentzia ona izan dira gutariko askorentzat. Orain, zendu den honetan, hiru pareak izango ditu soberan Pepe Mujicak. Gazte ginela oinetako parea estreinatzean sarri entzuten genuen esaera hura bikain beteta joan da. Osasunez urratu ditu zapatak. Osotasunez.