jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Abenduak 3

2016ko azaroaren 30a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Euskararen Eguna izango da larunbatean, eta berriro entzungo da han eta hemen, arrazoi osoz, egunero izan beharko lukeela Euskararen Eguna euskararen herrian. Egun baten izendapenaren atzean beti dago behar bat, gizarteari zerbait gogoratzekoa. Baina paradoxikoki adierazi nahi da urte guztian hartu behar dela aintzat gogoratu beharreko hori. Ez luke zentzurik Liburuaren Egunak urtean egun bakarrean irakurtzeko balitz, ezta hiesaren aurkako egunak ere, gainontzeko egunetan hiesaren inguruko kontu guztiak ahaztuz gero.

Abenduaren 3aren balioa hori da. Ez da kanpaina batekin hizkuntza bat dugula erakusteko eguna; hizkuntza hegemonikoek ez dute horren beharrik. Hizkuntza hori urte guztirako dela adierazi nahi da, eta egunero behar dituela politika, akordio, konpromiso eta baliabideak, hegemonikoek bezala —horienak ikusezin egiten dituzte—, batik bat, besteak beste, hezkuntzan eta hedabideetan.

ELAk, LABek eta Steilasek ez dute izenpetu Euskararen Egunerako 500dik gora erakundek sinatu duten adierazpena. Arreta konpromiso indibidualetan jartzen dutela salatu dute, eta ezin dela hori parekatu erakundeek duten erantzukizunarekin. Ezin dira maila berean jarri, ez, eta gogoratu behar da euskarak mendeetan izan duen atzerakada ez dela gertatu hiztun batzuek euskaraz ez mintzatzea erabaki zutelako, erakunde batzuek politika publikoak eginez horretara bultzatu zituztelako baizik. Horregatik, indibidualak eta instituzionalak, guztiak dira beharrezkoak, joera hori zuzendu eta egunero izateko abenduaren 3a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE