mikel p ansa
HIZPIDEAK

Gehiengoak

2017ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak nekez lortuko du Gernikako Estatutuak 1979an lortu zuen babesa baino handiagoa. Andoni Ortuzarrek eta EAJko zenbait kidek esan izan dute estatutu hark baino babes handiago lukeen testu bat adostea gustatuko litzaiokeela oraingoan. Baina ia ezinezkoa da, kalkulagailua eskuetan. Gernikako Estatutuaren erreferendumak %59ko parte hartzea eduki zuen eta 832.000 aldeko boto jaso zituen —EAJ, PSOE, UCD, EE, EPK, PTE, ORT, EKA eta ESEI, besteak beste—. HB, EMK eta LKI abstenitu egin ziren. Eta APk kontra jo zuen. Nola neurtu beharko litzateke estatutu berri batek ordukoak baino babes handiago lukeen? Alderdien kopurua ez da adierazle egokia; 40 urteotan izan diren aldaketak eta alderdien joera aldaketak aintzat hartuta, ez du zentzurik; APren ondorengoa estatutuaren aldeko da orain, gainera. Botoei begiratu beharko zaie. Eta 2016ko legebiltzarreko emaitzetan oinarrituta, bi aukera bakarrik daude 832.000 baino gehiago lortzeko: EAJ + EH Bildu + Elkarrekin Podemos + PSE (907.000 boto); edo EAJ + Elkarrekin Podemos + PSE + PP (845.000). Zeinek baino zeinek zailagoa ematen dute bi aukera horiek. Hortaz, eskuak lotu gabe lan egin beharko luke Autogobernu Lantaldeak, ezinezko gehiengoekin bere burua katramilatu gabe. Edozein moduz, gaur Gernikako Estatutua erreferendumera eramango balitz ere, kontuz, ez ote lukeen 1979an baino boto gutxiago jasoko. Hori baita arazoa, izan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.