mikel p ansa
HIZPIDEAK

Laguntza guztiak

2016ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Bahituak, narkotrafikoa, segadak, masakreak... Horiek izan dira urteetan Kolonbiatik iritsi diren albiste askotako tituluetako hitzak, ia beti gerrillei lotuta. Gutxiago eta nekezago iritsi dira paramilitarrek eta estatuaren indar armatuek egindako sarraskien oihartzunak. Baina milaka eta milaka herritarri eragin diete horiek ere, eta haietako asko estatuaren kontrolpetik joan dira azken urte luzeetan. Bortizkeria erreakzionario hori jasan duten asko eta asko nekazariak, indigenak, beltzak... dira. Horiek ez dute ihes egiteko baliabiderik. Eta, hala ere, ez dira gutxi erbestera ihes egin dutenak. Beldurrak airean bizi izan dira Kolonbian. Askok uste dute, itzuliz gero, hil egingo dituztela. Badakite. Abuztu bukaeran gerrillak eta gobernuak adostutako bake itunak baditu zehaztuak puntu batzuk horiei begira; ezkerreko oposizio politiko eta sozialak berme batzuk izan ditzan, behingoz. Oposizioa, Kolonbian, hil egin izan baitute: jo, eta bota. Baina gobernuak ezin du guztiz ziurtatu pertsona horien guztien bizia, eta hortik dator askoren beldurra. Horrela ulertzen dira Rodrigo Londoño Echeverri Timochenko FARCeko buruak BERRIAri eginiko adierazpenak: «[Adostutakoak] Betez gero, benetako iraultza gertatuko da, argi eta garbi, oposizioko alderdi eta erakundeen berme eta eskubideetan».

Izan ere, eta kontrakoa ematen badu ere, Kolonbiako bake prozesuaren arazo handiena ez da izango urriaren 2ko erreferendumean Bake Itunek ezezkoa jasotzea. Gobernuak eta gerrillak jaso dituzte ekarpenak, aztertzen ari dira, eta gaur elkartuko dira Habanan, ostera; espero da bake itunari egin beharreko egokitzapenak egun gutxitan itxiko dituztela. Baina beste erreferendum bat egingo dute gero? Bi aldeek lerro artean esandakoengatik, beste bide bat saiatuko dutelako itxura du.

Hori guztia konplikazio bat da, handia gainera, baina benetako arazoa bestea izango da: nola jarri martxan bake itunean jasotako puntu guztiak? Eta, horrekin batera, nola bermatu oposizioak oposizioa egin ahal izango duela? Paramilitarrek ez baitute jardunik eten... Horregatik mintzo zaio Timochenko «nazioarteko komunitateari» elkarrizketan, bake itunen ezarpenean «egiteko garrantzitsua» aitortzen diolako. Eta horregatik dio estimatuko dutela «fede oneko edozein laguntza», erronka handienak biharamunean hasiko dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.