Hasi dira Bilboko jaiak, eta txupinazoak irudi bat utzi du jaien historiarako. Txupinerarik gabeko txupina izango zela aurreikus zitekeen, Jone Artolak jaso duen debekuaren ostean. Inor gutxik espero zezakeen, ordea, Iraia Iturregik pregoilari jantzia erantziko zuenik eta bi horiek elkar besarkatuta aterako zela Marijaia udaletxeko balkoira. Txupina bereganatu nahi izan du Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak Artolaren izendapena debekatzeko eskatuz. Iturregik, ordea, argi esan zuen «nazkatuta» dagoela Aste Nagusia zer den ulertzen ez dutenekin.
Aste Nagusia jaiak dira, eta jaiak herriarenak dira, bestela ez dira jai. Bilboko jaiak herritarrek sortu zituzten 1970eko hamarkadan, herriak behar zuelako leku bat kalean; leku bat algararako, leku bat dantzarako, leku bat adierazpen politikoetarako, leku bat askatzeko, leku bat izateko. Parte hartze hori bideratzeko sortu ziren konpartsak, kuadrilletan, elkarteetan eta auzoetan. Azken hamarkada horietan Aste Nagusiaren adierazle nagusia izan dira, momentu onetan eta txarretan, eta gaur egun horiek ukatzea Bilboren izatearen parte bat ukatzea da: herriaren Bilbo, auzoetako Bilbo, kaleko Bilbo. Hori ulertzen ez duenak ez du ulertuko zer den Aste Nagusia.
Jai eredua eta parte hartzea jomugan jarri nahi izan du Urkijok Artolaren izendapena debekatzeko ekimenarekin, elkarbizitzan beste pitzadura bat irekiz. Batzuengatik balitz, Aste Nagusia frankismo garaiko ofizialtasunera itzuliko litzateke. Iturregiren eta Artolaren arteko besarkadarekin, baina, balkoian kaleko jantzita, inoiz baino indartsuago hasi dira jaiak, herriarenak direlako.

Hizpideak
Leku bat izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu