Duela ez horrenbeste pentsaezina zen argazki bat eman zuen atzokoak. Carles Puigdemont eta Yolanda Diaz, biak irribarretsu eta aldarte onean. Ia hiru orduko bilera bat, Espainiako justiziatik ihesi dagoenaren eta Espainiako Gobernuko jarduneko ministro baten artean —nahiz eta Sanchezen gobernuak nabarmendu duen Diaz bere alderdi Sumarren izenean egon dela, eta ez gobernuko ordezkari gisa—. 2017an Puigdemontek alde egin zuenetik ez da halakorik gertatu, ez publikoki behintzat, eta «emankorra» izan da gainera.
Pentsaezina zen duela gutxi arte ere amnistiaren gaia mahai gainean jar zitekeela, baina horixe dago orain erdigunean, eta, itxura guztien arabera, amnistia izango da abiapuntu lurraldeez eta beste auzi batzuez hitz egiteko.
Uztailaren 23ko hauteskundeen ondorenak gauza pentsaezin asko ekarri ditu, eta argi geratu da politikagintzan egoerak mugi daitezkeela borondatea badago, halabeharrezko borondate bat bada ere. Espainiako bozek marraztu duten egoerak ere gerturatu beharko lituzke alderdi katalan subiranistak, eta egunotan egin dituzte adierazpenak bide horretan. Madrilek lortzen baitu askotan etxean dauden ezintasunak lausotzea, bai egoera politikoa gogortzen denean, baina baita gauzak lortzeko aukerak zabaltzen direnean ere.

HIZPIDEAK
Mugimendu pentsaezinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu