inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Zauria ixtear

2014ko ekainaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskaldunon Egunkaria itxi eta bederatzi hilabetera berriz jo zuten euskarazko kazeta. Zortzi pertsona atxilotu eta inkomunikatu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo epailearen aginduz. 2003ko otsailean irekitako zauriari odola zerion, eta tratu txarren mamuaren itzal ilunak denen gogoa hartu zuen berriz. Zorionez, ez zen torturarik salatu, baina bidegabekeriaren atea irekita zegoen, luzerako, bereziki atxilotuentzat eta haien senide zein lagunentzat.

2010eko apirilean Auzitegi Nazionalak absolbitu zituen Egunkaria auziko bost akusatuak. ETArekin loturarik ez zutela ebatzi zuen epaileak, eta bigarren sumarioa —auzi ekonomikoa— Gipuzkoako Auzitegira bidali, terrorismoarekin zerikusirik ez zuelako.

Auzi nagusiaren adarra izanik ere, fiskaltzak zigor handiei eutsi die atal ekonomikoan: 128 urteko espetxealdia zortzi akusatuentzat. Damoclesen ezpata buru gainean edukita bizitzera ohitu dira Sors, Sorozabal, Furundarena, Albisu, Zubeltzu, Torrealdai, Uria eta Auzmendi. Inoiz epaile batek har lezakeen erabaki baten menpeko izan dira, bizi proiektu bat antolatu ahal izateko beharrezko lasaitasun eta askatasunik gabe. Leporatzen zitzaizkien delituak «preskribatutzat» jota, auzia itxi du epaileak. Baina ezpata ez dute erabat kendu akusatuen gainetik, fiskalak helegitea jar dezakeelako. Hipotesietan ere aintzat hartu beharko ez litzatekeen arren, ikusitakoak ikusita, kezka ezin da guztiz uxatu, zauria ixtear egon daitekeen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.