andoni egana
PLAZATIK

Jakingo nuke

2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Jakingo nuke zer dabilen militante sozialista euskaldun edadetu baten burutan. Nola hartu zuen hauteskunde kanpaina garaiko euskarari buruzko bideo ditxosozkoa; nola jasan zituen Felipe Gonzálezen hitzak, «ta-ta-ta» eginez amaitu zituen haiek; nola bizi izan zituen joan zen asteburuko Ferrazko istiluak eta istiluen ondorioak. Jakingo nuke zer pentsatzen duen usadioz ezagutu eta pasioz defendatu izan duen alderdiaren gainbeheraz. Jakingo nuke zenbateraino den behin-betirakoa bere zaputzaldia. Egingo bainuke, nork entzunik ez badu ere, ahapeka gehien darabilen hitza, ogia erostera doanean, pasiran dabilenean, jubilatuen egoitzara hurbiltzean… «txotxolo» dela. Ez du halakorik nahi baina «txotxolo kuadrilla»-k ihes egiten dio ahotik telebista pantailak bere alderdiari buruzko berriren bat eskaintzen duenero. Baina urteak dira alderdiaren egituretatik urrundua dabilela eta sei silaba horiek ez ditu bere buruaren lasaigarri baino erabiltzen.

Jakingo nuke zer dabilen Mariano Rajoy jaunaren burutan. Bazen garai bat ezer askorik ez zebilela sinisten nuena. Ezagutu ere ezagutu genuen izan litekeen modurik xinpatikoenean: Espainiako txirrindulari Itzulia segitzen ari ziren auto baten sabaitik burua aterata. Gerora, bere buruak modu desberdinean jokatzen zuela pentsatu genuen. Duela urtebete hautagai nagusiekin egindako telebista debatera ez zen azaldu ere egin. Zozotzat jo genuen, onenera, eta koldartzat. Bere alderdiaren baitako korrupzio kasuei buruzko galdera zuzenei, ezentzunarena eginez edo deus ulertu ez duenaren koittadu aurpegia jarriz erantzuten zekien. Jakin nahi nuke zer dabilen orain bere burutan. Azken boladan nabarmendu baita bere «vis cómica» punttu hori, bere ezentzunarena egitea, bere… oso ongi zorrozturiko armak zirela. Diputatuen Kongresuan, egun batetik bestera, buru azkarra eta mihi zolia agertu zituen. Eta aste honetan bertan, ezer egin gabe ere irabazteak demaion konfiantzaz nonbait, bere alderdiaren iritziaren gainetik dagoela bere propioa erakutsi nahi izan du.

Jakingo nuke zer dabilen Junts pel Si eta CUPeko buruzagien burutan. Gureetan nekez irudikatzen genuen bide bati ekin ziotela denbora da. Orain epeak zehaztu dizkiote, ordea, denborari. Datorren iraila, beranduenez, eta ondo bidean 2018.eko martxoa. Eta aurrera noiz eta nola egingo duen zehatz-mehatz asmatzea samurra ez bada ere, atzera-bueltarik gabeko prozesua dirudi Kataluniakoak. Ez dakit Espainiako Auzitegi Konstituzionala itzal handiko mamu arriskutsu jotzen duten edo ilusioak beldurrari gain hartu diolako, orkatiletan molestagarri baino ez den zaunka sarriko arratoi-txakur. Eta gustura jakingo nuke unea heltzean orain abstenitu direnek, Catalunya Si que Es Potekoek, batera bozkatuko duten baietz, batera ezetz edo bakoitzak nahi duena egiteko eskubidea izango duen.

Urkullu jaunaren burutan zer dabilen ere jakingo nuke. Lehen Eusko Jaurlaritza osatu zenetik laurogeigarren urteurrena ospatu dugun honetan, sasoi hari buruzko eta Agirre Lehendakariaren inguruko erreportaje idatzi eta ikus-entzunezko asko gozatzeko parada izan dugu. Badakit garaiak ez direla antzekoak ere. Baina jakingo nuke Urkullu jaunarengan inbidia arrastorik sortu duen edo ez orduko Gobernu osaketaren moduak. «Ideologia desberdin askotako» esaten delarik, gaur egun, ez baita izaten gehienetan egindako esaldi bat baizik, aipamen hutsak susmagarri bihurtzen duena. Praktikan ikustea litzateke ederra.

Hainbeste «jakingo nuke»-k adierazten duen bakarra da, oso gutxi dakidala. Herri-jakinduriak dio, berriz, zoriontsu izateko ez dela bide hoberik gutxi jakitea baino. Joan den astean Donostian ibili dira gizon-emakume batzuk berdin pentsatzen ez dutenak, baina jakingo nuke zenbateraino zabaldu den haien jakin-mina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA