maialen akizu 34 172x172

Altxamendua

2025eko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaurko egunez jaio zen Nelson Mandela —eta Asun Balzola—, gaurko egunez hil zen Jane Austen —eta Lucio Urtubia—, gaurko egunez argitaratu zen Adolf Hitlerren Mein Kampf.Ez dakit ostirala ote zen, gaur bezalako egun batez, frankistek Maria Mercedes Antxeta venezuelarra atxilotu eta Meliton Manzanasek torturatu zuenean. Bitartean, ETA soldadu frankista ohiak garraiatzen zituen tren bat bidetik ateratzen saiatu zen. Ez zuten lortu, ez soldaduen trenik, ez besterik gelditzea. Hura izan zen, ofizialki, antolakundearen lehen ekintza handia. «Gure kezka nagusia inor ez hiltzea zen», esan zuen Julen Madariagak 2011n BERRIAn egindako elkarrizketan. Bi hamarkadaren ostean, gaurko egunez hil zuen antolakundeak Ramon Ledo Taboada. Gaur Bayrouren murrizketez ari gara, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaz, urte honetan hildako hogeita hamaikagarren beharginaz. Delako «Altxamenduaren eguna» ospatzen ari dira asko. Guk Ainhoaren urtebetetzea ospatuko dugu, eta udalekuen amaiera, eta txupinazo batekin hasitako festak. Baliteke gurean altxamendu usainik ez izatea, baina begiratu dezagun apurtxo bat gora, begiratu dezagun gora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.