Bereziki garbia eta elegantea iruditu zaidan katu batekin egin dut topo parkean. Ile zuri harrodun katu bat zen, oso tente zebilena. Ez zuen kalekatua ematen.
Begirada apur bat zabaldu eta andre bat ikusi dut katuaren ondoan. Katuaren erritmora zebilen, baina bizpahiru metro aurretik. Orrazkeran eta ibilkeran zuten antzagatik ondorioztatu dut jabea zela. Lasai zegoen, gainera, katu baten aldamenean paseatzea munduko ekintzarik arruntena balitz legez.
Bien arteko tarteari erreparatu diodanean ikusi dut uhala. Uhalarekin lotuta zeraman andreak katua. Sekula halakorik!
Koadernoa atera dut eszena idazteko. Asko gustatzen zait eguneroko eszenak filtro subjektibotik pasatuta idaztea. «Etxetik ateratzeko motiboak behar eta zentzunbakoak asmatzen dituen andre ilezuria» eta «Andre ilezuria paseatzeaz nazkatuta dagoen katu serioa» idatzi dut letra etzanez.
«Zertarako jaso duzu hori?» esan dit aldamenekoak. «Idazteko». Gustura ikusiko nuke zulotxo batetik fikzioa, benetako fikzioa, idazten duela esaten duen jende horren guztiaren egunerokotasuna.