Ni herriko dendan harrapatu ninduen argindarraren etenaldiak. Ordaintzera gindoazen, eta plop. «Argia joan da», esan zuen ilaran atzetik nuenak, eta gure txikiak, bizkarrean motxila, eskuetan brokolia, baten eta bestearen joan-etorrien artean harrituta begiratzen zuen. «Noa jun da argie?». Guk esan genion ez genekiela. Tabernako sukaldaria etorri zen, udaleko langilea, garajetik kotxea atera ezinda gelditu zen bizilaguna. «Argia joan da». Eta txikia korrika atera zen dendatik. Plazan alde batera eta bestera begiratu zuen, eta gero zerua seinalatu. «Hemen badao argie». Arrazoi zuen, itzalaldia beste zerbait da.
Anekdotak anekdota, ni atzokoak beldurtu egin ninduen. Zer garen kable batzuk ez badabiltza. Ertz asko ditu gaiak, baina hackerren ahalez baino nahiago dut irakurri sistema elektrikoaren pribatizazioaz, edo desazkundeaz, edo Santiago Vilanova kazetari eta politiko ekologistak aipatu duen horren inguruan: «Adimen artifizialaren elektrizitate eskaria hain da handia, ezen ezinezkoa izango baita berriztagarrien bidez erabat ordezkatzea». Internet, hodeia, uhinak ez dira ikusten, baina pisatu egiten dute.