Otzaratxoa hartu eta atzera aurrera ibili naiz herriko fruta-dendan. Borraja, berakatza, txanpiñoiak, kipulak, brokolia… Zarauzko kiwiak, Valentziako mandarinak, Kordobako laranjak… Txikoria erosi du ilaran nire aurretik zegoen andreak. «Jende gazteak ez du erosten, baina oso ona da», esan dio dendariak niri begira. Irribarre egin dut. «Laranjak Kordobakoak, ezta?», esan dit beste saltzaileak bitartean. Baietz egin diot buruarekin. «Kordoba… nahikoa daukate han ere…», esan du andreak. «Beti da arriskutsua gehiegizko abiadura», gehitu du. Isilik geratu gara laurok.
Kartoizko kutxa batean kokatu dugu generoa. Ordaindu eta pauso txikiz egin dut autora arteko bidea. Bata bestearen atzetik etorri zaizkit pentsamenduak: gure paisaiak izorratu dituzten zutabeak, Donostia alderik alde zulatzeak eragin dituen kalte guztiak, Gasteizko tranbiaren kontra bizilagunek egindako protestak… Trenak, trenak eta trenak. Gidatu bitartean erantzuten ditudan deiekin ere akordatu naiz, edanda gidatzen duten lagunekin, etxera lokartzear iritsi naizen aldietako bakoitzarekin. «Beti da arriskutsue…», pentsatu dut, «baina erreza da arriskue gutxitzie be».