Ispiluaren aurrean geratu naiz haginak garbitu eta gero. Eskuineko eskuarekin kendu dut kokotsean geratu zaidan pasta hondarra. Ez dakit noiz bihurtu nintzen jaiki eta berehala haginak garbitzen dituen jende klase horren kuadrillakoa.
Adi-adi nago neure aurpegiari begira. Atzamar puntarekin laztandu ditut granoak, orbainak, ileak, oreztak. Aspaldi da ez nintzela neure buruarekin hain parez pare jartzen. Xelebrea da egoera. Neure aurpegiaren parte ez zirela uste nuen gauza pila bat deskubritu ditut. Beti egon diren ezaugarriek hor jarraitzen dute, baina berriak ere ari zaizkit pilatzen. «Edadie izengo da», pentsatu dut neure artean gure amamaren ahotsa imitatuz.
Urak epeltzeko behar dituen segundoak pasatu direnean busti dut aurpegia. Suhartasunez garbitu dut azkenean. Pentsatzen nuen baino bake handiagoa ematen dit aurpegia bustitzeak. Julia Viejorekin akordatu naiz. Koadernoan kopiatu nuen esaldi batekin: «Batzuetan urarekin aurpegia zimurtzea gustatuko litzaidake, zahartzen naizenean izango dudan itxura ikusi ahal izateko». Berehala lehortu dut aurpegia. Nik nahikoa zahartzaro topatu dut gaurkoz.