Orain hain gara denok zentzudun eta otzan, tabakoak utzi egin gaitu, porrot egin dut horretan ere, zin dagit egunen batean itzuliko naizela, osasuna da lehendabizi, eta poltsikoa gero, eta gero gerokoak, eta tabernetan ez da izango sekula gehiago kerik, ez txarrik eta ez onik, zeinek esaten zuen gure herriak ez zirela sekula izango Europakoen antzekoak, hemen ez zela galduko kaleko giroa, ez ginela sekula hain zintzo, tolerante, nazkagarri eta aspergarriak izango? Hor dago aspalditik Hendaia, etorkizunaren erakusle. Orain edozein herri da ona gogaitzeko. Baina seguru asko,baikorra naiz batzuetan, bazterrekoak bilduko dira astearte arratsaldez pipatzera, erretzera, munduari su ematera, inork zelata eta sala ezin dituenean, mundu guztia autoan heldu baita gimnasiora, berdin langileak ala enpresariak, haurrak seguru dauzkate alemaneko klasean, eta handik etxera, telebistak erakutsiko digu mundua zein den arriskutsu eta krudel, milakate eta ikusteko ezer ez, eta mila kate, erosketak egin daitezke jada internet bidez, lana ere bai, txortan ere bai. Ez dago kalera irten beharrik, azkenean.
Laster inor ez da ibiliko oinez, bazterrekoa izango da, susmagarria izango da, automatikoki.
Jira. Xabier Gantzarain
Bazterrekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu