Oraintxe bertan jaitsi naiz ganbaratik. Hantxe neukan nire neguko edredoia, xurgagailuarekin aire guztia erauzteko balbula txiki bat daukan poltsa erraldoi batean. Ohe gainean utzi dut bere jatorrizko forma har dezan.
«Orain arte udakoarekin ibili zara?» esan dit pisukideak edredoia zabaltzen ikusi nauenean. «Bai, pijama potolue jantzi dot eta sofarako ebalten doten mantie be ifiñi dot gainetik, baina kriston hotza pasetan nenbilen ja», esan dut.
Gauza bera gertatu zitzaidan udaberrian ere; bueno, gauza bera ez, kontrakoa. Bi astez goizero izerdi-patsetan esnatu arte ez zitzaidan okurritu edredoia aldatzeko momentua zenik. Egia esan, ez da ez zitzaidala okurritu. Oraindik ez dut ikasi gauetako tenperatura noiz aldatzen den. Goizegi aldatzeko beldurragatik aldatzen ditut beranduegi. Hori da kontua. Hotza pasatzea baino larriagoa iruditzen zait edredoia alferrik aldatzea.
Horrelako momentuetan ikusten dut oraindik ez nagoela heldu izateko prest. Esadazue, mesedez, helduaroaren momenturen batean ikasten dela edredoiak beranduegi ez aldatzen. Edo esadazue, behintzat, zuek ere oraindik ez duzuela ikasi.